XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hainbat fenomenoen aurrean ezina baizik ez baitu azaltzen eta, arrazoiak hain eskasak izanik, horrelako hipotesia baten erabilpena bortxakeria hutsa izango litzateke. Aipaturiko kasuak ez dira, beraz, ustezko inportazioaren bidetik ulertzekoak; beste zerbait baitira funtsean: aurre-uste eta lehen-hasiera jatorrak, alegia, noizbait argiago ikusi ahal izango den hura jada aldez aurretik nolabait sumatua duten hasierak.

Horrelakorik, gizatalde baten barruko ideagintza indartsuaren bultzadaz inportazio beharrik gabe sortu izana ez da batere harritzekoa; are gehiago, noizean behin gerta daitekeen gauzarik naturalena da, naturala den bezala ijitoen musikak lortzen duen goi-maila hori, nahiz eta euren bestelako kultur ingurune osoa nahikoa apala den.

Hemen ere, ordea, naturazko bultzada baten eraginak argitzen digu arazoa ongien. Beste agerpen horiekin ere berdin gertatzen dela uste dugu. Eta hau onartu ezean, ez dugu gure arazoa ulertuko.

Izan ere, gauden kasu honetan eta beste antzekoetan ere, psikologo naturalistek ez dute kontutan hartu (edota hartu nahi izan), bere-berez nahikoa interesgarria den datu psikologiazko bat, ikertzaile finak bere baitan aise aurki dezakeena: erlijio-ideien aitorpen berezkoa norberaren gogamenean.

Berezko aitorpen hori gizaki basati eta xaloengan indartsuago ageri dela zibilizazioak findutako gizakiarengan baino, egia da, noski. Baina honek ere aurkitu ahal izango luke beregan horrelakorik, baldin bere barruan, noizbait erlijiozko ospakizun baten inguruan edo bizituriko ordu jakinen baten esangarritasuna soseguz hausnartuko balu.

Gogamenak aitortzen duen hori, ordea, aldez aurretik sumatu ere egin dezake, baldintza lagungarriak aldamenean dituenean.

Monoteismo primitibo baten defendatzaileak ez dira azken ikuspegi honetaz batere jabetu. Izan ere, azaldu ditugun datuek tradizio historikoetan (lehen agerkunde historiazko baten memoria ilunduan, beraz), balute beren oinarri bakarra, ez litzateke posible izango diogun barru-barruko lekukotasun hau eta beroni ezagutzen zaion egiatasuna ere ez.